
2018ko martxoaren 16an Bizkaiko Gurutze Gorriaren Gizarte Zaurgarritasunari buruzko II. txostena aurkeztu zen. Deustuko Unibertsitateak jaso zuen Bizkaiko Gurutze Gorriaren gizarte arloko esku-hartzeen datuen eta emaitzen aurkezpena. Gizarte Zaurgarritasunari buruzko txostena Drogamendekotasunen Deustu Institutuak egin du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gurutze Gorriaren eta Deusturen artean, boluntariotza, prestakuntza, praktika eta ikerketa alorretan elkarren artean zenbait jarduera
aurrera eramateko lanean lankidetzan aritzeko sinatu den hitzarmenaren barruan dago.
Gizarte Zaurgarritasunari buruzko txostenaren helburu nagusia, 2014 eta 2015 urteetan Bizkaiko Gurutze Gorrian arreta jaso duten pertsonen soslaia ezagutzea eta gizarte zaurgarritasunaren diagnostikoa egitea da.
ONDORIO NAGUSIAK
Txostena, 2014an Bizkaiko Gurutze Gorriaren gizarte eskuhartze sailetan arreta eskatu edo jaso zuten 7.142 pertsonahelduren datuekin egin da. Arreta jaso duten pertsonen artean nagusi izan dira emakumeak, %55,8, hain zuzen ere, 2013an baino gehiago, vaina Estatu mailan duten nagusitasunera heldu barik. “Muturreko Zaurgarritasun Egoeran dauden Pertsonak” izeneko Programan da nabarmenagoa emakumeen nagusitasun hori.
2014an Bizkaiko Gurutze Gorriaren arreta jaso duen pertsonaren soslaia, lan egiteko adinean dagoen emakumea da, 47 urtekoa batez beste. Erdiak autoktonoak dira, eta arreta jaso duten atzerritarren artean, Magrebetik eta Amerika Latinotik etorritakoak dira gehienak. Familia egoera ohikoena bikotean bizitzea edo ezkonduta egotea da. Prestakuntza maila oso anitza da, baina %52,4ak bigarren mailako ikasketak ditu.
Aurrera eramandako gizarte esku-hartzeari dagokionez, programa hauek azpimarratu behar dira: “Muturreko Zaurgarritasun Egoera”, “Etorkinak eta Errefuxiatuak” eta “Pertsona Nagusiak”, eta nabarmendu behar da erabiltzaile gehienek prestazio berezi bat edo bi jaso dituztela.
Zaurgarritasunaren alorrei dagokienez (Ekonomikoa, Soziala, Ingurumenari/etxebizitzari dagokiona, Familiarra eta Pertsonala), Bizkaiko Gurutze Gorriaren arreta eskatu duten pertsonen %67,5ak arrisku ekonomikoak ditu, %54,8ak ingurumenari buruzko arriskuak, pobrezia energetikoa, adibidez, %47,3ak familia alorreko zailtasunak ditu, mendekotasuna duten pertsonak bere kargura dituelako, %33,6ak arrisku pertsonalak eta %21,4ak gizarte arloko arriskuak.
Gizarte Zaurgarritasunaren Adierazle Orokorrak lau tipologiatan sailkatzen du zaurgarritasuna: nabarmena, altua, oso altua eta muturrekoa. Banaketa horrek ehuneko hauek ditu, 2014an Bizkaiko Gurutze Gorriaren arreta jaso duten pertsonei dagokienez: %75,4 zaurgarritasun kategoria “nabarmenean” dago, %10,9 “altua” kategorian, %10,9 “oso altuan” eta %2,9 “muturrekoa” kategorian.
Arreta jaso duten pertsona gehienek zaurgarritasunaren lehen kategorian, “Nabarmenean”, sailkatzen dute euren bazterketa arriskua, aurreko epealdian gertatu zen bezala.
Hala ere, “Muturreko” zaurgarritasun kategoria erakusten duten pertsonen taldeak gora egin duela hautematen da, 2013ko proportzioa biderkatuz eta Estatuko maiztasun erlatiboaren gainean jarriz.
Horren arrazoia, EAEn Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta beste laguntza batzuk, Etxebizitzarako Prestazio Osagarriak, besteak beste, daudela da, baina zenbait baldintza betetzen dituzten herritarrentzat bakarrik. Baldintza horren artean hiru urte erroldatuta eramatea dago; horrek arindu egiten du egoiliar kolektiboaren parte handi baten “muturreko zaurgarritasuna”, baina laguntzak eskatzen dituztenak, babes programa horietatik kanpo geratzen diren sektoreetatik datoz. Arreta jaso duten pertsonen zaurgarritasuna ezaugarri soziodemografikoen arabera aztertzean, gizonezko edo emakumezko izatearen eta bazterketa arrisku altuaren arteko erlazioa hautematen da. Emakumeak ugariagoak dira lehenengo arrisku maila bietan, eta gizonezkoek erabateko nagusitasuna dute zaurgarritasun maila altuenetan, eta baita arrisku gehieneko kolektiboetan ere, “Etxerik gabe” edo “Diru-sarrerarik gabe” izenekoetan, hain zuzen ere.
Erlazio alderantziz proportzionala hautematen da arreta jaso duten pertsonen adinaren eta zaurgarritasun mailaren artean. Egiaztatu ahal izan denez, talde terminoetan, adin txikiagoak ebaluatutako gizarte bazterketa arrisku handiagoa dakar. Hori dela eta, ez da arraroa arreta jaso duten biztanleen artean zaurgarritasun maila altuena dutenen batez besteko adina 40 urtetik beherakoa izatea.
Kolektibo espezifikoei dagokienez, zaurgarritasun maila txikiagoa hautematen da “Pertsona Nagusiak” eta “Urritasuna duten pertsonak” taldeetan, arreta jaso duten gainerako herritarren artean baino. “Urritasuna duten pertsonen” taldeari dagokionez, gehienak nahiko adindunak direla eta euren urritasunaren jatorria gertatzezkoa dela hautematen da. Jende gehien biltzen dituzten bi taldeek, “Bazterketa Arriskua eta Pobrezia” eta “Etorkinak eta Errefuxiatuak”, “nabarmena” izeneko zaurgarritasun kategoriaren antzeko Zaurgarritasun Adierazlea erakusten dute. “Etxerik gabeko” kolektiboa da emakumeen presentzia txikiena erakusten duena, baina baita emakumeek zaurgarritasun maila altuena erakusten dutena ere. Aztertutako kolektibo guztiek, Estatuko parekideena baino gizarte zaurgarritasun maila txikiagoa dute.
Umeen kolektiboaren ondorio nagusiak
Ondorioak, Bizkaiko Gurutze Gorriaren gizarte esku-hartze sailetan arreta jaso zuten 165 adingaberen datuekin lortu dira. 2014. urtean arreta jaso zuen adingabearen batez besteko soslaia 11 urtekoa da (mutila edo neska izateko aukera bera), nazio jatorrikoa, baina, atzerritarra izatekotan, Latino Amerikako herrialderen batekoa izango litzatekeena. Zaurgarritasun eremu bakarra erakusten du, kasu gehienetan Gizarte edo Ekonomia arlokoa. 2015. urtean arreta jaso duen adingabearen batez besteko soslaia 10 urteko mutila da. Bertakoa da, baina atzerritarra izatekotan, Magrebeko herrialderen batekoa izango litzateke. Zaurgarritasun eremu bakarra erakusten du, arrisku Ekonomikoa, hain zuzen ere. Bizkaian arreta jaso duten adingabeen kolektiboak bi berezitasun ditu: adingabeek arrisku kategoriatan duten banaketa Estatukoaren desberdina da. “Altua” kategoria Estatuan baino ugariagoa da, eta “Muturrekoa” kategoria ia ez da existitzen probintzian. Bigarren desberdintasunak erakusten duenez, Zaurgarritasunaren Adierazle Orokorra altuagoa da nesketan mutiletan baino Bizkaian, Estatu mailan ez bezala.