Bizkaiko Gurutze Gorriak eta APNABIk autismoa duten pertsonei anbulantzietan arreta emateko gida sortu dute

24 maiatza, 2022

  • Bizkaiko Gurutze Gorriaren Prestakuntza Zentroko Osasun Larrialdietako Teknikarien ikasleek, osasun arloko langileek autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak lehen osasun-laguntza batean zelan artatu jakin dezaten jarduketa-gida bultzatu dute
  • Helburua irisgarritasuna erraztea eta autismoa duten pertsonei ematen zaien laguntza hobetzea da

Bilbon, 2022ko maiatzaren 24an. Bizkaiko Gurutze Gorria eta APNABI Autismo Bizkaia elkartea elkarlanean aritu dira, irisgarritasuna errazteko eta larrialdietako teknikariek autismoaren espektroko nahasmendua (AEN-TEA) duten pertsonei lehen osasun-laguntza batean ematen dieten arreta hobetzeko arreta-gida sortzeko. Horrela, taldeak AEN-TEA duten pertsonen ezaugarriak eta behar espezifikoak ezagutu ahal izango ditu, euren esku-hartzea haietara egokitu ahal izateko.

Gurutze Gorriaren Prestakuntza Zentroko Osasun Larrialdietako Teknikarien bigarren mailako ikasle talde batek, bai eta Oinarrizko Bizi Euskarriko anbulantzietan jardunean dauden osasun-larrialdietako ikasle ohiek eta teknikariek ere, horrelako egoeretan AEN-TEA duten pertsonei arreta emateko jarduketa-protokolo jakin bat behar zela ikusi zuten. Horretarako, Bizkaiko autismoaren arloan erreferentea den APNABI erakundearen laguntza izan zuten.

Elkartearen aldetik, autismoa duten hainbat pertsonak hartu dute parte proiektu honetan, eguneko arreta-zentroetako (EAZ-CAD) Partidetza eta Hausnarketa Taldearen bidez, erakundeko profesionalen laguntzarekin.

Hesiak eraisten dituen komikia

Arreta-gidaz gain, osasun-arreta nolakoa den erakusten duen komiki formatuko proiektu bisuala gauzatu da. Bertan, 112ra deitzen denetik pazientea ospitalera iristen den arte gertatzen den kronologia eta prozesu guztia islatzen da. Asmoa pertsonek, egoerei aurrea hartzen laguntzeko ikusizko euskarria izatea da.

Baliabide berri horiek dagoeneko osasun-larrialdietako teknikariei ematen zaien prestakuntzaren parte dira, eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren laguntza-ibilgailuetan bertan eta elkartearen zentroetan dago eskuragarri, larrialdietako eta osasun-arretako baliabideak ezagutzeko lana erraztuz.

Bi tresna horiek sortzeko, ikasleek hainbat topaketa, harreman eta elkarrizketa izan zituzten Gurutze Gorriko prestakuntza-zentroko langileekin, APNABIko langileekin eta autismoa duten elkarteko pertsonekin. Hausnarketa egin zuten, eta zenbait gai partekatu zituzten: zelan gustatzen zaien edo nahiago duten tratatzea eta eurengana zuzentzea, gogaikarri egiten zaizkien gauzak, estimulu sentsorialen kontrolaren garrantzia, materialen erabilerraztasuna balioztatzea, eta abar. Proiektua amaitzeko, Gurutze Gorriak Bilbon dituen instalazioak bisitatu zituzten, anbulantziak ezagutzeko eta beste ekarpen batzuk egiteko.

APNABI Autismo Bizkaiak oso positibotzat jo du proiektua, baita partaidetza-taldeko pertsonek ere, eta parte hartzeko aukera dutela, haien ahotsa entzun dela, eta gizarte irisgarriagoa eta eskuragarriagoa eraikitzeko dituzten kezkak eta beharrak balioetsi direla azpimarratu dute batez ere.

APNABI Autismo Bizkaiak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak esperientzia horri jarraipena eman gura diote eta datozen hilabeteetan zabaldu, AET-TEA duten beste pertsona talde batzuek anbulantziak bisitatuz. Horrela, ingurune irisgarriagoa eta prebentzioko prestakuntza erraztuko duten sinergia eta ekintza berriak sortu gura dira.

Autismoa

Autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN-TEA) neuro-garapenaren nahasmenduak dira, ez gaixotasuna, haurtzaroan hasten dira eta pertsona bakoitzarengan bilakaera desberdina izaten dute. Azken azterketa epidemiologikoen arabera, 100 pertsonatik batek du AEN-TEA.

Autismoaren adierazpen klinikoak asko aldatzen dira autismoa duten pertsonen artean. Hala ere, badira ezaugarri nuklear batzuk, izaera hori duten pertsona guztiek partekatzen dituztenak, eta, funtsean, gizarte-komunikazioan eta -elkarreraginean eta pentsamenduaren eta portaeraren malgutasunaren esparruan dute eragina.