Bizkaiko Gurutze Gorriak 24.697 pertsona artatu ditu zuzenean 2021ean

10 ekaina, 2022

  • Bizkaiko kalteberatasunaren aurpegia adingabeak bere ardurapean dituen 24 eta 54 urte bitarteko emakumearena da
  • Bizkaiko biztanleen % 1,99k Gurutze Gorriko boluntario izateko konpromisoa hartu zuen 2021ean.

 2022ko ekainaren 10ean. Bizkaiko Gurutze Gorriak 24.697 pertsona artatu ditu zuzenean 2021ean, pandemiaren bigarren urtean. Artatutako pertsona guztietatik, 14.606 emakumeak dira, hau da, arreta jaso dutenen arteko % 59a; gizonak, berriz, % 41 dira, 10.091. Arloen arabera, arreta honela banatzen da:

  • Gizarteratzea: % 39
  • Hezkuntza: % 26
  • Osasuna: % 25
  • Sorospenak eta larrialdiak: % 6
  • Enplegua: % 3
  • Ingurumena: % 1

Jarduera hori guztia erakundeak 2020-2023 aldirako hartu zituen eta 2021ean abian jarri dituen bost konpromisoei emandako erantzuna da: borondatez parte hartzeko modu berriak, osasun-arloko erantzunak, ingurumen-inpaktuaren murrizketa, emakumeen kolektiboaren aldeko apustua eta kontuak ematea.

Boluntariotzarekiko konpromisoa

Boluntario gisa parte hartzeko modu berriak erraztu dira, borondatezko ekintzako 109.674 ordu baino gehiago egin eta erakundeak probintzian dituen 16 arreta-guneetan egon daitezen. Bizkaiko Gurutze Gorriko 12.470 boluntarioek finkatu egin dute euren partaidetza, pandemian izandako gorakada handiaren ondoren. Aipatutako guztietatik 2.648 boluntario aktiboak dira (1.163 gizon eta 1.485 emakume), 43 urteko batez besteko adinarekin. Era berean, 9.822 boluntariok noizbehinkako izaera edo izaera asimilatua dute.

Nabarmentzekoa da Bizkaiko biztanleen % 1,99 (boluntarioak izan daitezkeen artean, 16 urtetik gorakoak izan behar baitute) erakundearen boluntario gisa konprometitu direla 2021ean.

Osasunarekiko konpromisoa

Pandemiaren itzalak areagotu egin ditu osasun-arloko arrakalak, eta Gurutze Gorriaren soluzioak eta erantzunak bakardadea eta gizarte-isolamendua edo ongizate emozionalaren galera arintzera bideratu dira batez ere. 2021ean, 7.733 pertsonari eman zaie arreta osasun-arloan, eta ekintza hauek nabarmendu behar dira: Barakaldon Covid agenteak martxan jarri izana, herritarrei pandemiaren aurrean osasun komunitarioa babesteko aholkularitza emateko zerbitzu dinamikoa, zuzeneko 6.602 parte-hartzaile izan dituena; Gurutze Gorriak Entzuten Zaitu ekimenaren jarraipena; telefono bidezko laguntza psikosozialeko zerbitzu bat, pandemiaren ondorioak pairatzen dituzten pertsonentzat, edo 901 pertsonak jaso dituzten sentsibilizazio eta atxikidura terapeutikoko hitzaldiak.

Emakumeekiko konpromisoa

Emakumeek Gurutze Gorriaren gizarteratze-arretaren lehentasunezko kolektiboa izaten jarraitzen dute. 2021ean Bizkaian 14.606 emakume artatu dira, hau da, artatutako pertsonen % 59a. Horrek adierazten du Bizkaiko kalteberatasunaren aurpegia, kasuen % 57an beste herrialde batean jaio den, 24 eta 54 urte bitartean dituen eta bere ardurapean adingabeak dituen emakumearena dela. Artatutako emakumeen artean, 5.465 oso egoera zaurgarrian daude, 431k Enplegu Planean parte hartu dute eta 160 asilo- eta babes-eskatzaileak dira.

Ingurumenarekiko konpromisoa

Bizkaiko Gurutze Gorriak, isuritako CO2 tona metriko bakoitzeko (Tm) funts propioetatik 120 € jartzeko konpromisoa hartu zuen, pobrezia energetikoaren proiektua finantzatzeko erabiltzeko; egoera hori ematen da, etxe batek ezin duenean bere etxeko premiak asetzeko adina energia ordaindu, edo diru-sarreren zati handiegia etxebizitzaren energia-faktura ordaintzeko erabili behar duenean. Horrela, Bizkaiko Gurutze Gorriak, 2021ean 272 familiari laguntzeko 32.617 €-ko inbertsioa eginez konpentsatu du bere karbono-aztarna. Modu berean, klima-aldaketaren aurkako borrokari erantzun integralak, bai barnekoak bai kanpokoak emateko egin da lan, prestakuntza, sentsibilizazio eta ingurumen-hobekuntzako ekintzen bidez.

Gardentasunerako konpromisoa

Kudeaketa ekonomikoari, kontuak emateari, lanaren eragina erakusteari eta erakundeak egiten duen guztiaren erabateko gardentasunari buruzko guztia ahalik eta zorroztasun handienarekin ezarri da. Gardentasun horren adibide, 2021an 15.011.729,43 €-ko diru-sarrerak eta 14.608.983 €-ko gastuak izan zirela jakinarazi da.

Nazio-eremua

Euskadin, 2021ean, Gurutze Gorriak 67.093 pertsonari eman die arreta zuzenean, eta Estatuan, berriz, 4.462.162 pertsonari. Urtea txertaketan oinarritutako normaltasun berriaren itxaropenarekin hasi zen; hala ere, Filomena bezalako larrialdien, La Palmako sumendiaren edo errefuxiatu afganiarren krisiaren ondorioz, Gurutze Gorriak hasiera-hasieratik aktibatu ditu behar gehien zutenei laguntzeko behar zituen baliabide materialak eta giza baliabideak.

IKUS-ENTZUNEZKO BALIABIDEAK: https://youtu.be/_dHhpNIrcxw

EMAITZEN TXOSTENERAKO ESTEKA: https://bit.ly/3HaGPO7

 Gurutze Gorriari buruz

Gurutze Gorria munduko mugimendu humanitario, hiritar eta independente handiena da, 157 urte daramatza erakunde publikoekin eta pribatuekin elkarlanean, gizatasuna eta duintasuna pertsona guztiengana, edonora eta abagune guztietan hel dadin.

Espainian, Gurutze Gorriak 250.000 boluntario baino gehiago eta 1.250 arreta-puntu baino gehiago ditu, eta, horiei esker, ia 5 milioi pertsona baino gehiagori ematen zaie arreta urtero. Horretarako, gizartearen sektore guztietako 1,4 milioi bazkide, enpresa eta aliatu baino gehiagoren babesa du.

Espainiako Gurutze Gorria 192 herrialdetan dagoen Gurutze Gorriaren eta Ilargi-erdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduaren parte da. Bere oinarrizko zazpi printzipioen arabera jarduten du beti: Gizatasuna, Inpartzialtasuna, Neutraltasuna, Independentzia, Borondatezko Izaera, Batasuna eta Unibertsaltasuna.

(Datuak: BI Gurutze Gorria, 2022ko ekainaren 7a)