Berotik babesteko aholkuak #Babestu zaitez

15 ekaina, 2022

  • Likido ugari edatea, otordu arinak egitea edo etxea fresko izatea dira Gurutze Gorriak bero-boladaren aurrean ematen dituen gomendioetako batzuk.

2022ko ekainaren 15ean. Tenperatura altuek ondorio negatiboak izan ditzakete gure osasunean, kalanbreak, deshidratazioa, intsolazioa edo bero-kolpea, besteak beste, eta horiek bereziki kezkagarriak dira umeengan eta adinekoengan. Horregatik, Bizkaiko Gurutze Gorriak berotik babesteko zenbait aholku eman ditu, kontuan hartuta beroak ez diela pertsona guztiei berdin eragiten, eta kolektibo hauek direla ahulenak:

  • Adinekoak (batez ere bakarrik bizi direnak edo mendekotasuna dutenak).
  • Umeak (4 urtetik beherakoak batez ere).
  • Gaixotasun kronikoak dituzten eta botika jakin batzuekin tratamenduan dauden pertsonak.
  • Obesitatea edo gehiegizko pisua duten pertsonak.
  • Ulertzeko eta orientatzeko zailtasunak dituzten pertsonak, eguneroko bizitzan autonomia gutxi dutenak eta alkohola edo beste droga batzuk kontsumitzen dituztenak.

“Bero-boladaren eragina gehien jasaten duten kolektiboak adinekoak, batez ere bakarrik bizi direnak edo mendekotasuna dutenak, eta gaixotasun kronikoak dituztenak dira; beraz, ahalegin bikoitza egin beharko dugu tenperaturen igoeraren aurrean babes daitezen”, azaldu du María José Arruti Bizkaiko Gurutze Gorriko Osasun Saileko medikuak. “Berri ona –Arruti andreak dioenez– bero-boladek osasunerako dituzten ondorio kaltegarriak neurri handi batean prebenitu daitezkeela da, oso aholku errazak eta zentzuzkoak jarraituz”.

Tenperatura altuek eragindako arazoak murrizteko, Bizkaiko Gurutze Gorriak eguneroko jardunerako zenbait jarraibide erraz gogorarazi ditu beroaz segurtasun handiagoz gozatu ahal izateko:

  • Berotik urrun egon. Ez irten eta ez egin jarduera nekagarririk eguneko unerik beroenean. Talde kalteberentzako erosketa-ordutegi bereziak aprobetxatu, eskuragarri dauden guztietan. Itzalean egon, ez utzi umeak edo animaliak aparkatuta dauden ibilgailuetan, eta, beharrezkoa eta posible bada, igaro eguneko 2-3 ordu leku fresko batean, gutxienez metro bateko distantzia fisikoa gordetzen duzun bitartean.
  • Etxea fresko eduki. Erabili gaueko airea zure etxea hozteko. Murriztu etxeko bero-karga egunean zehar pertsianak erabiliz eta ahalik eta gailu elektriko gehien itzaliz.
  • Gorputza fresko eta hidratatuta eduki. Arropa arina eta luzea erabili, hartu dutxa edo bainu hotzak eta edan ura aldizka, azukredun edariak, alkoholdunak edo kafeinadunak saihestuz. Otordu arinak egin, izerdia dela eta galdutako gatzak berritzen laguntzeko (entsaladak, frutak, barazkiak, gazpatxoak edo zukuak).
  • Kanpoan geratu behar baduzu, saiatu itzalean egoten, erabili arropa arina eta kolore argikoa, babestu eguzkitik, erabili kapela eta eguzki-babesa. Oinetako fresko, eroso eta transpiragarriak erabili.
  • Zeure burua zaintzen ari zaren bitartean, denbora gehiena bakarrik igarotzen duten senitartekoak, lagunak eta bizilagunak ikustea planifikatu. Egoera zaurgarrian daudenek laguntza behar izan dezakete egun beroetan, eta ezagutzen duzun norbait arriskuan badago, lagundu aholkuak eta babesa lortzen urruntze fisikorako gomendioak errespetatuz.
  • Ez utzi umeak eta maskotak bakarrik autoan.
  • Osasun-arazoak badituzu, galdetu medikuari zer neurri osagarri hartu behar duzun arrisku-gaixotasunen bat baduzu. Segi zure botikak hartzen. Ez automedikatu.

Gurutze Gorriari buruz

Gurutze Gorria munduko mugimendu humanitario, hiritar eta independente handiena da, 157 urte daramatza erakunde publikoekin eta pribatuekin elkarlanean, gizatasuna eta duintasuna pertsona guztiengana, edonora eta abagune guztietan hel dadin.

Espainian, Gurutze Gorriak 250.000 boluntario baino gehiago eta 1.250 arreta-puntu baino gehiago ditu, eta, horiei esker, ia 5 milioi pertsona baino gehiagori ematen zaie arreta urtero. Horretarako, gizartearen sektore guztietako 1,4 milioi bazkide, enpresa eta aliatu baino gehiagoren babesa du.

Espainiako Gurutze Gorria 192 herrialdetan dagoen Gurutze Gorriaren eta Ilargi-erdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduaren parte da. Bere oinarrizko zazpi printzipioen arabera jarduten du beti: Gizatasuna, Inpartzialtasuna, Neutraltasuna, Independentzia, Borondatezko Izaera, Batasuna eta Unibertsaltasuna.