EUSKADIKO GURUTZE GORRIAK ERRONKA BAT PLANTEATU DU ERREFUXIATUAK EUSKAL GIZARTEAN INTEGRATZEAREN ALDE

Tuesday June 18th, 2024

Ekainak 20, Errefuxiatuen Munduko Eguna

  • Jarduera bat antolatu du hiru hiriburuetan: hiruren arteko 265 kilometroak era sinbolikoan elkarrekin  egiteko helburuarekin
  • Antolatzaileek Gasteizen, Bilbon eta Donostian jarriko diren zinten gainean ibiltzera gonbidatzen dituzte herritarrak, errefuxiatuen erronkak ikusarazteko

2024ko ekainaren 18a. Ekainaren 20an, osteguna, Errefuxiatuen Mundu Eguna ospatuko da, eta hori ospatzeko, Gurutze Gorriak jarduera bat antolatu du hiru euskal hiriburuetan. Helburua da errefuxiatuek bizi duten egoeraren inguruan herritarrak sentsibilizatzea, aurre egin behar dieten zailtasunak ikusaraztea eta arraza- edo etnia-bereizkeriak bizikidetzari eta gizarte-kohesioari mesederik ez egitea, haien gaitasunei balioa ematea eta harrera-gizarteari egiten dioten ekarpena indartzea, eta guztion artean gizartean integratzeko aukera berriak sortzen laguntzea.

Altafit eta Bilbao Kirolaken laguntzarekin egiten den jarduera hau hiru euskal hiriburuetan burutuko da aldi berean ekainaren 20an, osteguna, 10:30etatik 17:00etara. Horretarako, ibiltzeko zintak jarriko dira, herritarrek eta Euskadiko Gurutze Gorriaren proiektuetako parte-hartzaileek gizarteratzearen alde oinez edo korrika egin ahal izateko.

Helburua 265 km egitea da, hau da, hiru lurraldeetan  jarduera egiteko aukeratu diren hiru puntuen arteko distantzia:

  • Araba: Vitoria-Gasteiz: Urrezko Zeledonen plaza.
  • Gipuzkoa: Donostia: Kontxako pasealekua, Alderdi Eder plaza.
  • Bizkaia: Bilbo: Abandoibarra.

Euskadiko Gurutze Gorriak Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioak 2023ko abenduan abiarazi zuen Bidean zurekin/#NotAlone kanpainaren barruan kokatzen du jarduera hori. Kanpaina hori 2024an zehar egingo da: migratzaileek dituzten zailtasunak ikusarazteko, eta Gurutze Gorriak funtsezko zerbitzuetarako sarbidea errazteko egiten duen lana agerian uzteko. Ekimenak harrera-gizartearen eta migratzaileen arteko harremanak estutzea du helburu, eta enpatia eta elkartasuna sustatzen ditu.

Nahia Diaz de Corcuera asilo- eta errefuxiatu-programaren erreferente autonomikoak adierazi duenez, “gaur egiten ari garen kanpaina edo jardueren gisako kanpainek gizartea errefuxiatuen errealitatea gertuagotik ezagutzea  errazten dute. Aintzat hartzen baitituzte zailtasunak gainditzeko egiten duten ahalegin handia, eta errefuxiatuen bide latz hori errazteko guztion lankidetzaren garrantzia ikusarazteko”.

Gurutze Gorriak euskal gizarteri luzatzen dio gonbidapena adierazitako puntuetara gerturatzera, erakundeak errefuxiatuekin egiten duen lana ezagutzera eta errealitate horri buruzko gogoetak, hitzak, marrazkiak, poemak, literatura-gomendioak eta enparauak uztera (horretarako emango zaien materialarekin aztarna-multzo bat sortzeko)

Pertsonen arreta integrala

Espainiako Gurutze Gorria Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren 155 elkarte nazionalen munduko sareko kide da, eta migratzaileei eta desplazatuei laguntzeko lan egiten dute, haien legezko estatusa edozein dela ere. Gainera, duela 30 urte baino gehiagotik, nazioarteko babesaren, aldi baterako babesaren edota estatutu aberrigabearen eskatzaile eta onuradunei laguntza integrala eta diziplina anitzekoa emateko Estatuko sistemaren parte da. Gainera,  asilo-eskatzaileak Euskadin sartzeko prozesua hobetzeko Eusko Jaurlaritzak gidatutako erakunde arteko gizarte-mahaian ere badago.

2023an, erakunde humanitarioak 51.180 errefuxiatu eta asilo-eskatzaile artatu zituen Espainian, hainbat ostatu-baliabidetan; horietatik 560 Euskadin artatu ziren, 241 plaza betez; 78 Araban, 81 Gipuzkoan eta 82 Bizkaian, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak finantzatuta. Jazarpena, gatazka armatuak, klima-aldaketa eta krisi humanitarioak dira pertsona horiek beren jatorrizko tokietatik alde egitera bultzatzen dituzten arrazoietako batzuk.

Laguntza materialaz haratago doa Gurutze Gorriak nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonekin egiten duen esku-hartzea. Izan ere, babesa eskatzen dutenen autonomia eta duintasuna ere sustatzen ditu. Alegia, haien babesa eta gizarteratzea bermatzea du helburu.

Programak hainbat fase ditu, lehenengo harreratik autonomiarako prestaketaraino, eta 18-24 hilabete irauten dute. Denbora horretan, arreta integrala eta indibidualizatua ematen da; eta, besteak beste, honako zerbitzu hauek barne hartzen ditu: lehen harrera, aldi baterako harrera, laguntza legala eta psikologikoa, familia berriz elkartzea, hizkuntza ikastea eta itzulpengintza eta interpretazioa, edo enplegua bilatzeko gaitasun profesionala aktibatzea, orientatzea eta hobetzea.


Albiste Berriak (Artxiboa 2013-2023) Gurutze Gorria prentsan

Azken albisteak

Gurutze Gorriak “Contrata Sin” kanpaina jarri du abian, zailtasun handienak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko

Euskadin 105 enpresa laguntzaileren laguntza izango du: enpresa horiek sentsibilizatuko dute enpresa-sarea, hornitzaileekin eta bazkideekin dituzten harremanen bidez, bai eta herritarrak oro har ere

IRAKURRI GEHIAGO
Irailak 14: Lehen Sorospenen Munduko Eguna

Bizkaiko Gurutze Gorriak doan eta bideo formatuan erakusten du zer egin larrialdi-egoera baten aurrean

IRAKURRI GEHIAGO
EUSKADIKO GURUTZE GORRIAK ERREPIDEKO ISTRIPU BAT SAIHESTEKO MARTXAN JAR DAITEZKEEN NEURRIAK GOGORARAZI DITU

“Errepidean, maite ezazu zeure burua” lelopean, hamar ezbeharretatik zortzi saihestu daitezkeela ohartarazi du erakunde humanitarioak

IRAKURRI GEHIAGO
Cruz Roja Española utiliza cookies propias y de terceros para facilitar al usuario la navegación en su página Web y el acceso a los distintos contenidos alojados en la misma. Asimismo, se utilizan cookies analíticas de terceros para medir la interacción de los usuarios con el sitio Web. Puedes consultar la política de cookies aquí   
Privacidad