Bizkaiko Gurutze Gorriak 6.000 jostailu berri behar ditu gizarte egoera zailean dauden familietako umeentzat

  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  
  •  

 

Jostailuak biltzeko kanpaina: “Euren eskubideak jokoan”


PUNTOS DE RECOGIDA


  • Edizio honetako erronka 6.000 jostailu ez beliko eta ez sexista ematea da, euren egoera ekonomikoa dela eta, datozen Gabonetan euren seme-alabei jostailurik erosi ezin dieten familiei emateko.
  • Athletic Club taldeak azaroaren 28ko Athletic Club-S.D Huesca norgehiagorako 2.500 sarrera emango ditu, jostailua ematen duen pertsona bakoitzari partidu horretarako sarrera bat emanez.
  • “Norgehiagoka bat, kausa bat” ekimenaren barruan, RETAbet Bilbao Basket taldeak, bere Fundazioaren bitartez, kanpainaren berri emango die zaletuei, datorren abenduaren 16an, Rio Ourense Termal taldearen kontra jokatuko duen norgehiagokan, eta bertan, peluxe berrien makro-jaurtiketa egingo da pistara.
  • Lointek Gernika taldeko jokalariek jostailuak batuko dituzte abenduaren 21ean eta 22an Gernikako Eroskin, eta urtarrilaren 4an Sant Adriá taldearen kontra jokatuko duten partidurako sarrerak emango dizkiete eskualdeko Gurutze Gorriaren erabiltzaile diren umeei.
  • Kanpaina honetako jostailuak biltzeko egunak eta puntuak cruzrojabizkaia.org helbidean kontsultatu daitezke, eta hauek dira: Athletic Club taldearen denda ofizialak, Bilbao Exhibition Centre, Ikea, Megaparkeko Toysrus denda, El Corte Inglés, Zubiarte, Berangoko, Megaparkeko eta Durangoko Decathlon, Elkar dendak, Juguettos-Seyma dendak, Carrefour Erandio, Ertzillako, Zallako eta Gernikako Eroski supermerkatuak, Bilbon dagoen Erakundeko Boluntarioen bulegoa eta kanpaina antolatzen duten Portugaleteko, Durangoko, Getxoko, Zallako, Igorreko, Bermeoko, Gernikako, Mungiako eta Basauriko Gurutze Gorriko Batzarrak.

 

Bilbon, 2018ko azaroaren 21ean -. Bizkaiko Gurutze Gorriak, Gazteriaren Gurutze Gorriaren bitartez, datozen Gabonetara zuzenduta, jostailu berriak biltzeko “Euren eskubideak jokoan” kanpaina abiatuko du gaur. Aurten RETAbet Bilbao Basket, Athletic Club eta Lointek Gernika taldeen laguntza duen ekimen horren helburua, 6.000 jostailu biltzea, jolastea umeen funtsezko eskubide gisa aitortzea, eta txikienengan eragiten dituen onurak ezagutaraztea da.

Jasotzen diren jostailuak, euren egoera ekonomikoa dela eta, seme-alabei datozen Gabonetan oparirik erosi ezin dieten familiei emango zaizkie. Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioen esku-hartzeei esker, joan den edizioan Bizkaiko 2.264 adingabek 5.502 jostailu berri, ez sexista eta ez beliko, jaso zituzten. Erakundeko boluntarioek, saltokietako bezeroek edo enpresa laguntzaileek egindako ekarpenak jaso eta jostailuak aukeratu eta adinen arabera antolatu zituzten.

Laguntzak, Biltzeko puntuak eta egunak

Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, bat egin du kanpaina honekin. Izan ere, larunbatean, abenduaren 1ean, Erriberako Merkatuak lekua utziko du Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioek jostailuak biltzeko kanpainari buruzko informazioa eman diezaien bisitariei, goizez. Horrez gain, jostailuen bilketa kanpainari buruzko informazioa emango zaie bisitariei. Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak ere kanpainaren sustapenean lagunduko du, Etxetxoko pabiloia lagaz kanpainaren aurkezpenerako.

 RETAbet Bilbao Basket taldeak, “Norgehiagoka bat, kausa bat” ekimenaren barruan, bere Fundazioaren bitartez, kanpainaren berri emango die zaletuei, datorren abenduaren 16an, Rio Ourense Termal taldearen kontra jokatuko duen norgehiagokan, eta sentsibilizazio mezuak zabalduko ditu bere komunikazio kanaletan. Beltzezko gizonak pistara peluxe berrien makro-jaurtiketa ari dira prestatzen norgehiagokan, inor ez dadin opari barik geratu Gabon hauetan. Zaleek ekintza solidario horretan parte hartzea errazteko, taldeak merketu egingo du sarreren prezioa, eta pabiloira euren peluxearekin hurbiltzen diren lehenengoek hurrengo partidurako gonbidapenak lortu ahal izango dituzte. Horrez gain, Bizkaiko Gurutze Gorriaren erabiltzaile diren umeek ere, urtarrilaren 11n Barcelona Lassa B taldearen kontra jokatuko den partidarako 400 sarrera jasoko dituzte.

Athletic Club taldeak, bere Fundazioaren bitartez, ere bat egingo du Bizkaiko Gurutze Gorriaren kanpainarekin. Athletic Club taldearen denda ofizialek jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatuko dute gaurtik azaroaren 28ra arte. Athletic Club-en denda ofizialetan erosketa bat egiten duen eta dendan bertan Gurutze Gorriari ematen dion edozein pertsonak, emandako opari bakoitzarengatik, Athletic Club eta S.D Huesca taldeek azaroaren 28an jokatuko duten Errege Kopako partidurako sarrera bat jasoko du. Halaber, Athletic Club taldeak salmenta horien irabazi osoa emango dio Bizkaiko Gurutze Gorriari, zaurgarritasun egoeran dauden umeentzat jostailuak erosteko. Athletic Club-ek 2.500 sarrera emango ditu kausa horretarako, eta athletic zale guztiak laguntzera gonbidatu gura ditu, Gabon hauetan ez dadin egon oparirik jaso gabeko umerik.

Lointek Gernika saski-baloi taldeko emakume jokalariak Gernika-Lumoko Eroskin egongo dira jostailuak batzen abenduaren 21eko eta 22ko asteburuan, eta urtarrilaren 4an Sant Adriá taldearen kontra jokatuko duten sarrerak emango dizkiote Gurutze Gorriari.

Azaroaren 28tik abenduaren 28ra, Enekuri Motor etxeak, barruan, bilketa puntu gisa funtzionatuko duen MINI auto bat izango duen kaxoi-edukiontzi handi bat instalatuko du Zubiarte Merkataritza Guneko zabalgunean. Horrez gain, jostailu bat ematen duten pertsonak hainbat sariren zozketan sartuko dira. Abenduaren 14tik 15era bitarteko asteburuan, Arteako, Max Centerreko, Leioako, Berangoko, Gernikako, Abadiñoko, Zallako eta Ballontiko Hiper Eroskiek jostailuak batuko dituzte. Abenduaren 14tik 15era bitarteko eta 21etik 22ra bitarteko asteburuetan, Durangoko, Berangoko eta Megaparkeko Decathlon dendetan, eta baita Megaparkeko Toysrus dendan ere. Abenduaren 21eko eta 22ko asteburuan, bilketa Erandioko Carrefour dendan zentratuko da. Bilbao Exhibition Centrek leku bat izango du egokituta Gabonetako Umeen Parkearen barruan, bisitariek kanpainarako jostailuak entregatu ahal ditzaten. Horrez gain, abenduaren 1ean, Erriberako Merkatua bisitatzen duten umeei zuzendutako sentsibilizazio tailerra egingo da. Bilboko Jose María Olabarri kaleko 6an dagoen Bizkaiko Gurutze Gorriko Boluntarioen Bulegoari eta Portugaleteko, Durangoko, Getxoko, Zallako, Igorreko, Bermeoko, Gernikako, Mungiako eta Basauriko Gurutze Gorriaren egoitzei dagokienez, jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatuko dute gaurtik urtarrilaren 4ra bitartean.

Jostailuak biltzeko puntu guztiak www.cruzrojabizkaia.org helbidean kontsulta daitezke. Puntu horietako gehienetan Erakundearen oinarri nagusia diren boluntarioek eskainiko dute arreta. Jostailuak biltzeko kanpainan jostailu berriak, ez belikoak, ez sexistak eta, ahal izanez gero, hezkuntzari lagunduko diotenak baino ezin izango dira eman, txikienen artean ikasketa eta bizikidetza sustatuko duten hezkuntza printzipioak eta balioak sustatzeko. Jasoko den jostailua berria izango da, izan ere, jostailuen segurtasunari buruzko araudi europarrak produktuaren kalitatea bermatu ahal izatea eskatzen baitu, eta hori ezin daiteke bermatu jada erabilita dauden jostailuen kasuan. Beste alde batetik, Gurutze Gorriaren ustez, ume guztiek jostailu berria merezi dute, bereizketa barik, duintasun eta desio berberekin.

Aurtengo edizioan, prestatutako bilketa puntuetan jostailuak entregatzeaz gain, Gurutze Gorriaren webgunean ekarpenak eginez ere parte hartu ahal izango da kanpainan, 900 104 971 telefono zenbakiaren bitartez eta SMSak bidaliz JUGUETE hitzarekin 38088 (3€) zenbakira. Horrela lortutako diru guztia, gizarte egoera zailean dauden familietako umeei jostailuak erostera bideratuko da oso-osorik. Horrez gain, Gurutze Gorriak webgune propioa izango du, eta bertan adin bakoitzerako jostailu egokienei buruzko informazio guztia eta kontseiluak aurkitu ahal izango dira: www.susderechosenjuego.com

Ekimena gauzatzeko ezinbestekoak dira jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatzen duten, euren langileen artean jostailuak jasotzen dituzten, edo jostailuak ematen dituzten erakunde askoren laguntza eta partaidetza. Erakunde laguntzaileak hauek dira: Bilboko Udala, RETAbet Bilbao Basket, Athletic Cub, Lointek Gernika, BEC, Iberdrola, El Corte Inglés, Eroski, IKEA, Banco Santander, Mutualia, Adif, EDP, Toysrus, Juguettos-Seyma, Decathlon, Gatikako Udala, Carrefour Erandio, Tecuni, Enekuri Motor, Petronor, Elkar, Erriberako Merkatua, Bilblock, Vodafone, Umivale, Ozenki, Mungiako Kids and Us, Legión 501 eta El Almacén Berria jostailu-denda.

 

Bookmark the permalink.

Comments are closed.